XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) eta uste dut... Ez!

Gaizki esan dut.

Ziur nago une hura nahiko erabakiorra izan zela gure bizitzetan.

Bai, erabakiorra...

Egun berezi hartako une eder haiek, gure maiteminean oinarrituriko berotasun gozo hura ez nituen probetxatzen jakin izan.

Ez nuen jakin izan!

Eskuetatik helduz Axun esan nionean, bere begietan eguzkiak beroturiko natura argi eta jorira eramango nindukeen bide oparoa ikustearekin batera, bidea asmatu ezinik zebilela igerri nion.

Eta zer? ezti eta emeaz erantzun zidanean, neu ere, ezbaiak harrapatuta, ez nintzen ausartu egoerari aurre egiten, eta zine aretotik etxerako bidean isilik Axunen ondoan, guardasolpean, kezkaz beteta prestatu nuen hitz jarioa galdu egin zitzaidan burutik eztarrirako bidean.

Eta isilune baten ondoren ezer ez, bihar edo etzi esango dizut erantzun nion.

Axunek bizkarra eman eta bere logelarantz jo zuenean, ondo lo egiteko opatu nion gibeletik, eta orduantxe konturatu nintzen errakuntza handia egin nuela!

Ai mozoloa!

Inozo alaena!

Gelan sartzear zegoelarik hain biziki pentsatu nuen Axun zatoz maita gaitezen!, ezen, ozentasun gabeko ene hitz haiek entzun bailituen, tupustean, ez barrura ez kanpora, maratila eskuan zuela gelditu baitzen!

Baina une labur hartako duda-mudak gaindituz, Axun burua jiratu gabe sartu zen logelara.

Gau hartan loak ez ninduen hartu kanpandorreko erlojuak bostetako dandanak jo zituen arte.

Jira eta birako ordu luzeak izan ziren.

Neure buruarekin ernegatuta...